Gerra garaian deustuarrak erabat inplikatu ziren demokrazia eta askatasunaren alde

Branka. Zortzi urtez II. Errepublika eta gerra garaiko datuak biltzen ibili eta gero La II. República y la Guerra Civil en Deustu liburu mardula argitaratu du Borja Sarrionandia-Ibarrak, Ahaztuak eta Goiko Alde kultur elkarteen laguntzaz. Garai hartan oso bizimodu ezberdina zuten deustuarrek baina leku guztietan bezala gogor sufritu zituzten Gerra Zibilaren krudelkeriaren ondorioak.

Liburuan II Errepublikaren garaian eta ondoren heldutako Gerra Zibilean Deustun jazotako gorabeherak kontatzen dituzu. Nondik dator egitasmoari heltzera bultzatu zintuen ideia?

2004an hasi nintzen ikerketa honekin oso helburu argi batekin: hurbileko ikuspuntutik, hau da Deustutik abiatuta, II. Errepublikak eta Gerra Zibilak Euskal Herrian izan zuten eragina aztertzea. Memoria historikoa berreskuratzea beharrezko lana bilakatu da, egungo egoera politikoa eta etorkizuna ulertzeko ezinbesteko tresna izanik.

Datu eta izen ugari bildu dituzu azken zortzi urteotan. Nolakoa izan da prozesua?

Oso prozesu luzea izan da. Bizirik gelditzen ziren pertsonekin egon eta artxibategi zein orduko egunkari asko arakatu behar izan dut, baina emaitza ikusita merezi izan duela uste dut. Garai hartan bizi izan ziren 2.000 deustuar baino gehiago topatu izan ditut . Oso garai politizatua izan zen. Jendarteak parte hartzen zuen oso era aktiboan eguneroko bizitza politika eta sindikalean, eta are gehiago gerra garaian. Liburuaren bukaeran gehigarri bat dago non 2.000 pasatxo protagonista horiek zerrendatuta dauden.

II. Errepublikaren garaian Deustu Bilboren parte bat zen arren, herri baten xarma gordetzen zuen artean. Zelakoa zen Deustu hori?

Deustuari udalerri izaera 1925ean kendu zioten, Primo de Rivera diktadore espainiarrak aginduta. Era ez demokratiko batean egindako anexioaren eta horren ondorioen inguruko debatea mahai gainean egongo da une oro II. Errepublika garaian.

Garai horretako Deustua 11.000 biztanle inguruko herria da, oso industrializatua Ibaizabalen ertzean (Botika Zaharra, Deustuibarra, Zorrotzaurre, Elorrieta eta Lutxana) eta goiko partean (Done Petri, Ibarrekolanda, Tellaetxe –egungo San Ignazio– eta Berriz) baserri giroa mantentzen zuena. Oso herri dinamikoa zen eta bertan orduko familia politiko gehienak (abertzaleak –EAJ eta ANV– , Espainiako sozialistak, komunistak, anarkistak, monarkikoak zein eskuin muturreko tradizionalistak) ordezkatuak zeuden.

Zer nolako eragina izan zuen II Errepublikak?

Hasteko azpimarratu behar dut Errepublika espainiarra izan zela. Espainiako erregimen politiko guztiek egin eta egiten jarraitzen duten moduan, II Errepublikak ere Euskal Herriari bere hitza eta erabakitzeko eskubidea ukatu zion. Horrek liskarrak eta gatazkak eragin zituen indarrean egon zen sei urteetan. Euskal gatazkari lotutako euskal presoak egon ziren II Errepublikan eta oso kopuru altuan, batez ere, lehenengo biurtekoan, PSOEk eta errepublikarrek gobernatzen zuten garaian, alegia.

Hala ere, ezin ukatu II Errepublikan aurrerapauso nabarmenak eman zirela bestelako askatasunetan, arlo sozioekonomikoan, laikotasunean, hezkuntzan eta abar luze batean.

Guda Zibilean Bizkaia Euskal gobernuaren menpe egon zen urtebete eskasean zelako bizimodua izan zuten deustuarrek?

Gerra piztu bezain pronto, deustuarrak erabat inplikatu ziren demokrazia eta askatasunaren alde. Lehenengo egunean, uztailaren 19an, faxistek lehenengo deustarra hartzen dute preso Baranbion (Araba), ostean Iruñeko Ezkaba mendiko espetxetik 1938ko maiatzean antolatuko den ihesaldiaren burua izango dena eta bertan fusilatuko dutena. Alderdi eta sindikatu guztien, CNT izan ezik, ordezkaritza izango duen Deustuko Defentsa Batzordea osatzen da eta, gutxienez, 675 gizonek izena ematen dute Euskal armadan. Abertzale deustuarrez osatutako Arbola-gaina konpainia eratzen da, Arana Goiri EAJren batailoian kokatuta egongo dena.

Bilbotik oso gertu egonik, Deustun gerrarako ezinbestekoak izango diren gerra industria, kuartelak, gerra eskolak eta ospitaleak kokatzen dira, eta horiekin batera, nola ez, Francoren alde aritzen den bosgarren zutabea.

Faxistek Bilbo hartu ostean etxe eta ondasun ugari eskuindarren eskuetan geratu zirela diozu zure lanean eta “lapurretako” batzuen izenak ere aipatzen dituzu.

Egia da. Lapurretak eta frankismoa sinonimoak dira. Armada faxista sartu eta berehala etxe eta ondasunen lapurretak gertatzen dira, eta hori frankisten oso jardute orokortua izango da indarrez hartzen duten herri zein hiri guztietan. Bilbon eta Deustun oso basatia izan zen eta hainbesteraino heldu zen, non agintari frankista berriek “konfiskazioak” eurek bakarrik egin ahal zutela argitaratu zuten prentsan. Deustun oso famatuak egingo ziren falangistez osatutako bi talde, gutxienez, horretara dedikatu ziren lehenengo hilabeteetan. Esaterako, auzoen artean orduan biztanle gehien zuen Deustuibarrako etxebizitzen %90an sartu ziren inpunitate osoz.

Bilbo faxisten menpe geratu eta gero nolakoa zen deustuarren egoera?

Oso bizimodu txarra zuten, Euskal Herriko gainontzeko udalerrietan bezala. Francoren armadarekin lehenengo hildakoak agertu ziren kaleetan, gutxienez bi pertsona asasinatuak izan ziren lehenengo bi egunetan. Eta, ostean errepresioa, bortizkeria eta kontrola. Terrorean oinarritutako erregimena ezarri zuten non terrore horren zutabe nagusiak Falange, Guardia Zibila eta eliza frankista izan ziren. Gutxienez, herritarren %7,77k errepresioaren era desberdinak pairatu zuen.

Frontean hildakoak, espetxeratuak, exekutatuak, asko izan ziren…

Gehiegi. Frontean 75 gudari deustuar hil ziren (armada faxistaren alde borondatez edota derrigorrez, beste 11), beste 12 fusilatuak izan ziren gerraren ostean (8 frankista gerran), espetxean 5 preso hil ziren (10 frankista Errepublikako espetxeetan), bonbardaketen ondorioz beste 8 zibil eta erbestean beste bi.

Armada frankistak 269 deustuar sartu zuen preso (gerrak iraun zuen 11 hilabeteetan 36 faxista deustuar espetxeratu zuen Errepublikak) eta beste 523 auzokidek erbesterako bidea hartu zuen errepresioa saihesteko.

Agintari frankista berriak 51 deustuar kaleratu zuen administrazio desberdinetatik (Euskal zein Errepublikako gobernuek, aldiz, 3). Erantzukizunagatiko isunak 150 deustuarri ezarri zizkioten, orduko 21.670.150 pezeta lortuz (altxamendu militarra babestu edota bultzatu zuten 9 faxista deustuarri ezarri zioten multa, guztira ordaindu behar izan zuten 175.000 pezeta berreskuratu zutelarik armada frankista Deustu eta Bilbo okupatu eta egun gutxira).

Non dago salgai zure liburua?

Deustu (Done Petri plaza), Maria Auxiliadora (Agirre Lehendakari etorbidea) eta Etxean (San Ignazio) liburudendetan eta Deustuko Herriko Tabernan eskura daiteke 20 euroren truke. Bilbon Elkar liburudendetan dago salgai.

Advertisements

Utzi erantzun bat

Fill in your details below or click an icon to log in:

WordPress.com Logo

You are commenting using your WordPress.com account. Log Out / Aldatu )

Twitter picture

You are commenting using your Twitter account. Log Out / Aldatu )

Facebook photo

You are commenting using your Facebook account. Log Out / Aldatu )

Google+ photo

You are commenting using your Google+ account. Log Out / Aldatu )

Connecting to %s